Berriak | 2012-11-15

Hondakinak Prebenitzeko Aste Europarra Nerbioi-Ibaizabalen

Hondakinak Prebenitzeko Aste Europarra Nerbioi-Ibaizabalen

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazi du Hondakinak Prebenitzeko Aste Europarrean parte hartuko duela, Europa osoan egingo dena, azaroaren 17tik 25era bitartean. Aurreikusitako jarduerak lau dira.

Lehenengo eta behin, Nerbioi-Ibaizabal Eskualdeko Hondakinen Behatokia abiaraztea. Nerbioi-Ibaizabalgo Udaltalde 21en webgunean espazio berri bat eguneratua egokitu eta mantentzea da helburua; bertan, eskualdean bildutako hondakinen datuak eta adierazleak ikusi ahal izango dira, udalerri, frakzio, urte eta kostu ekonomikoaren arabera banatuta. Halaber, hobetzeko proposamenak, praktika onak eta iradokizunak ere jasoko dira. Webgune honek eskualdeak arlo horretan duen jarreraz informatu nahi du, eta biztanleei euren ohiturak hobetu behar dituztela ohartarazi nahi die.

Bigarren ekintza Hogares Verdes-Etxe Berdeak Programaren edizio berri bat antolatzea da, hain zuzen ere, etxeko kontsumo erantzuleari eta hondakinak prebenitzeari buruzkoa. Ingurumen hezkuntzako ekimena da hau, eta, estreinakoz, 2011n egin zen Nerbioi-Ibaizabalen. Bertan, 78 etxebizitzak hartu zuten parte. Ekimenaren helburua parte-hartzaileei laguntzea da, kontsumo arduratsuagoa eta jasangarriagoa sustatzeko, hain zuzen ere, klima-aldaketaren kontrako borrokan herritarrek duten erantzukizun bateratuaren parte gisa. Oraingo honetan, interesa duten etxebizitzek ordu eta erdiko iraupena duen tailer batean hartuko dute parte. Bertan, aholkuak ikasi eta partekatuko dituzte, modu arduratsuan erosteari, etxean sortzen diren hondakin kopuruak murrizteari eta familia-ekitaldi iraunkorrak antolatzeari buruz.

Hirugarren ekintza Ikastetxeetako Sentsibilizazio kanpaina da, etxeko landare-olioaren birziklapena sustatzeko. Kanpaina hau Rafrinor, S.L. enpresaren lankidetzari esker egingo da, hain zuzen ere, eskualdean aipatutako hondakina biltzeko zerbitzuaren ardura duen enpresaren lankidetzari esker. Hondakin honen gaineko dibulgazio eta kontzientziazio saioz osatutako zikloa da, 60 minutukoa, eta lehen hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailetako ikasleentzat dago antolatuta. “Bat egin laranjarekin” lelopean, kanpainak ikasleei hausnarrarazi nahi die, etxean sortu eta erabilitako landare-olioaren birziklapenaren garrantziaz. Hitzaldi honen helburua da ikasleen artean birziklatzeko ohituraren inguruan interesa piztea, eta ohitura hori euren etxeetan zabaltzea.

Laugarrenez, Nerbioi-Ibaizabalgo udal arduradunek Koopera Reusing Center hondakin kudeaketarako instalazioara Bisita egingo dute, Mungian, azaroaren 16an (ostirala). Tratamendu osoko instalazio hau Estatu mailan dagoen lehen planta automatizatua da; bildutako objektu mota guztiak (arropa, osagarriak, zapatak, liburuak, jostailuak, gailu elektronikoak, etxetresna elektriko txikiak, bazarra, etab.) sailkapen eta egokitze prozesu batean sartzen ditu, ondoren berrerabiltzeko, aurretik objektu erabilgarri bihurtuta eta berriro aktibatuta, merkatu iraunkorrean eta solidarioan merkaturatzeko. Rezikleta da erabil daitezkeen arropak eta etxeko beste objektu batzuk biltzeko zerbitzua eskualdean kudeatzen duena.

Hondakinak Prebenitzeko Aste Europarrak lau helburu nagusi ditu: 1) Hondakinak prebenitzeko estrategiak ezagutzera ematea, bai eta Europar Batasunak eta bere Estatu kideek esparru honetan duten politika ere; 2) Ekintza iraunkorrak sustatzea, hondakinak Europa osoan murrizteko; 3) Eragile ezberdinek egiten dituzten atazak argitara ematea, hondakinak prebenitzeko adibide konkretuen bitartez; 4) Europarren eguneroko jarrera aldatzen saiatzea, kontsumoari eta produkzioari dagokienez.

Euskadin, Eusko Jaurlaritza, Ihobe eta hiru Foru Aldundiak, Hiri Hondakinak Koordinatzeko Erakundeareen bitartez (OCRU), Hondakinak Prebenitzeko Aste Europarra antolatzen dute. 

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo