Berriak | 2013-03-08

Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko erreketako biodibertsitatea hobetzeko eta degradatutako ibaiertzetako berriztapen ekologikoa gauzatzeko proiektua abian da

Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko erreketako biodibertsitatea hobetzeko eta degradatutako ibaiertzetako berriztapen ekologikoa gauzatzeko proiektua abian da

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du “Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko, hau da, Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Orduña, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberioko udalerrietako ibai eta erreketan, biodibertsitatea hobetzeko eta degradatutako ibaiertzetako berriztapen ekologikoa gauzatzeko” proiektua martxan jarri dela.

Proiektuaren helburua ibai eta erreketako baldintza ekologikoa hobetzea da, ibaiertzeko landaredia berrituz eta bertako fauna eta flora espezientzat habitat hobeago bat lortuz. Horrela, jardungo den 11 eremutan, udalerri bakoitzean bat, erreketako balio eta kalitate ekologikoa sustatuko da, era berean korridore ekologiko bezala duten funtzioa indartuz. 2.200 metro linealetan jardungo da eta ibaiertzeko fauna eta flora espezien populazioa hobetzea aurreikusten da, bai kuantitatiboki baita kualitatiboki ere.

Laburbilduz, errekako 11 eremutan arituko da hurrengo ekintzak burutuz: ibaiertzeko landaredia berreskuratu; espezie arrotz inbaditzaileak eskuz kendu; hondakinak baztertu Garbigune edo edukiontzietara eramateko; eta azkenik hedapena eta sentsibilizazioa bultzatuko da.

Ibaiertzeak berreskuratzeko bertako espezie autoktonoak landatuko dira, hauen hazia tokiko mintegietan lortuko delarik. Nagusiki ibaiertzetako basoetako espezieak izango dira, hauen artean: haltza (Alnus glutinosa), zuhandorra (Cornus sanguínea), basaerramua (Euonymus europaeus), zumalakarra (Frangula alnus), hurritza (Corylus avellana), lizarra (Fraxinus excelsior), sahatsa (Salix atrocinerea) eta ereinotza (Laurus nobilis).

Landare arrotz inbaditzaileak kendu asmoz, espezie bakoitzari dagokion tratamendua emango zaio, kasu guztietan sustrai-erauzketa egingo da berriro sortzea galaraziz, Robinia pseudoacacia espeziaren kasuan edo eta beste landare heldu batzuen kasuan izan ezik. Hauen kasuan, enborraren eraztunketa egingo da espezieak lehortzeko. Bestelako espezieak sustraitik erauziko dira poltsetan sartuz haziak ez sakabanatzeko eta baimendutako puntuetan bilduko dira. Espezie arrotz inbaditzaileak kentzeko ez dira inongo produktu kimikorik erabiliko.

Proiektu honetarako aholularitza teknikoaren laguntza izango da eta herritarren parte- hartzea bultzatuko da boluntariotza bidez. Koordinazio, planifikazio eta dinamizazio lanetarako, Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek Suspergintza Elkartea kontratatu du, EDE Fundazioak difusioa eta gauzatze lanak egingo ditu eta berriztapeneko ekintzak Equinoccio, S.L.k.

Boluntariotzari dagokionez, deialdia egingo da erakunde, elkarte eta interesa daukan edozein herritarrek parte har dezan. Bi motatako ekintzak egongo dira, ikastetxeei zuzendutakoak alde batetik, hauek astean zehar izango dira, eta herritarrei zuzendutakoak deialdi zabal bidez, gehienak larunbat goizetan.

Jarduera guztiak aholkularitza teknikoak gainbegiratuko ditu eta hauek bolondresak lagundu eta bideratuko dituzte. Jarduera bakoitzean sentsibilizaziorako materiala banatuko da eta hasierako azalpen bat emango da jardueraren ezaugarriak eta metodologia ezagutzeko. Ingurunearen balio ekologikoaren garrantzia  ere azpimarratuko da, bertako espezie mehatxatuak zeintzuk diren azalduz (adibidez bisoi europarra, eskualdeko erreketako goiburuetan topa dezakeguna) eta hauentzat ekintza honek ekar dezaken onura nabarmenduz. Gainera, jarduera egiten den eremuetan informazio eta sentsibilizazio panel bat ezarriko da.

Ekintza hauen bitartez ondorengo onurak lor daitezke ingurumenean: udalerrietako degradatutako eremuetan ibaiertzeko basoaren berriztapena; tokiko fauna eta flora espezie kopuru eta barietatea handiagotzea; arroko ibai eta erreka ezberdinak batzen dituen eremuetako espezieen arteko lotura ekologikoa sendotzea;  EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan batzen diren eta mehatxu gradu ezberdinak dituzten tokiko fauna eta flora espezien habitata hobetzea; espezie arrotz inbaditzaileen inpaktua eta hauek faunan, floran eta ibaiertzeko dinamika ekologikoan duten ondorio kaltegarriak murriztea; eta eskualdeko herritarrengan ibaiertzeko landaredia eta erreketako balio ekologikoarekiko ezagutza eta sentsibilizazioa sustatzea.

Bestalde, proiektuak onura sozialak ere dakartza, hala nola, natur guneak babesterakoan  herritarren bizi-kalitatea hobetzen da baita hauek bizi, erabili edo disfrutatzen dituzten ingurunearenak ere.

Dagoeneko hasi dira jarduerak gauzatzen, Ugao-Miraballeseko lehen hezkuntzako ikasleekin egin da lehen ekintza. Arrigorriaga eta Etxebarrikoak izango dira datorren martxoaren 12 eta 13an parte hartuko duten hurrengo ikastetxeak.

Datorren larunbatean, martxoaren 16an, Urduñan landatuko da lehenbizikoz ibaiertzeko landaredia autoktonoa. La Rondina futbol zelai alboko aparkalekuan egingo da ekintza, Nerbioi errekaren eremuan, interesa duten bolondresekin. Hitzordua 9:30tan izango da eta hiru orduko iraupena izatea aurreikusten da. Parte-hartzaileek, ibaiertzeko balio naturalaren gaineko azalpenak eta material ezberdinak jasoko dituzte proiektuaren arduradun teknikoen eskutik. Ekintzarako egokia den arropa eta oinetakoak eraman beharko dira.

Proiektuak 60.279,82 eurotako aurrekontua du eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren diru-laguntza jaso da, aurrekontuaren %85a BEZ kanpo, hau da, 43.422,07 euro.

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • info@udaltalde21.eus • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo