Berriak | 2013-04-24

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek proiektu bi abiarazi ditu eskualdeko ikastetxeetan mugikortasun jasangarria sustatzeko: Segurtasun neurrien azterketa eta Eskola Bidea

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek proiektu bi abiarazi ditu eskualdeko ikastetxeetan mugikortasun jasangarria sustatzeko: Segurtasun neurrien azterketa eta Eskola Bidea

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazi nahi du proiektu bi abiarazi dituela eskualdeko ikastetxeetan mugikortasun jasangarria sustatzeko. Proiektu horiek honakoak dira: "Nerbioi-Ibaizabalgo ikastetxeek mugikortasun jasangarria sustatzeko jarduerak: Segurtasun Neurrien Azterketa” eta "Nerbioi-Ibaizabalgo ikastetxeek mugikortasun jasangarria sustatzeko proiektu pilotua: Eskola Bidea”.

Proiektu biek komunean dituzten helburuak honako hauek dira:ibilgailu ez motordunetan eskolara egiten diren bidaiak areagotzea, edota, gauza bera dena, ibilgailu motordunetan egindako bidaiak murriztea.Horrenbestez, pertsonen eguneroko mugikortasunean energia kontsumoa arrazionalizatzea, garraiatzeko ibilgailu ez motordunetarako aldaketa sustatzearen bitartez:oinez joatea eta bizikleta erabiltzea; kutsadura atmosferikoa murriztea; akustika eta negutegi-efektuko gasen igorpena; eta haur nahiz nagusiak eguneroko mugikortasunaren praktika onen gainean kontzientziaraztea, segurtasunari eta joan-etorri iraunkorrei lehentasuna emanez.

Proiektu bakoitzaren aurrekontua 21.780 eurokoa da, BEZ barne.Kasu bietan, Energiaren Euskal Erakundearen Garraio eta Mugikortasun eraginkorrerako diru-laguntzen Programaren %50eko diru-laguntza jaso dute, BEZ sartu barik. Horren bitartez, garraioaren eta mugikortasunaren energia-kontsumoa arrazionalizatzea lortu nahi da, aldaketara bideratutako inbertsio eta proiektuen bitartez, garraio eraginkorragoak erabiltzeko. Lehenengoa (Segurtasun neurrien azterketa) “Jarduera zentroetarako garraio planekin erlazionatutako jarduera espezifikoen azterketak" izenekoaren ildoan gauzatuko da. Bigarrena (Eskola Bidea) “Jarduera zentroetarako garraio planekin erlazionatutako proiektu pilotuekin” ildoan gauzatuko da.

Segurtasun neurrien azterketa

Segurtasun neurrien azterketaren helburua da eskualdeko ikastetxeetarako bideetan segurtasuna hobetzea oinezkoen eta bizikleten irisgarritasunerako. Ikastetxeetarako sarbideen inguru hurbilenetan landa-lana egitean datza, bideetako segurtasun neurriak diseinatzeko, oinezkoen zein bizikletetarako bideetarako; horrela, lasaitasuna eragiteaz gainera, seinaleztapena edo babes-hesiak ezarriko dira, eskola-instalazioetara irisgarritasun ez motorduna sustatzeko. 

Lanaren emaitza Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko ikastetxe bakoitzeko (22 ikastetxe, 9 udalerritan) fitxa batean jasoko da, eta, bertan, aztertutako gunea, antzemandako arazoak eta gomendatutako esku-hartze neurriak adieraziko dira. Azken finean, udal jardueren oinarri teknikoa definitzean datza, gurasoen zein ikasleen oinezko eta bizikleta mugikortasuna sustatze aldera. Uztailean amaiturik egotea aurreikusi da.

Segurtasun neurrien azterketa egiteko, Leber Planificación e Ingeniería, S.A. enpresaren laguntza teknikoa kontratatu da.

Eskola Bidea

Ikastetxera sartzeko, aldez aurretik ezarritako oinezkoen bide batzuk ezartzean datza Eskola Bidea, eta, ibilbidean, zenbait geraleku egingo dira, ikasleak hartu eta uzteko.

Proiektu hau abiarazita, mugikortasun seguruko aukera jasangarria eta bideragarria eskaini nahi zaie lehen mailako hezkuntzako ikastetxeetako ikasleei (14 ikastetxe, 9 udalerritan).

Lanaren emaitza interesa duten zentroetan pertsonen mugikortasun modalitate hau antolatzea da.Alde batetik, eta ibilbideari dagokionez, lanak topaketa gunerik interesgarrienak zehaztuko ditu, bai eta ibilbidea ere, esperientzia hau ezarri nahi duten zentroek erreferentziatzat har dezaten.Beste alde batetik, zentro eta familiei dagokienez, lanak esperientziaren berri eman, partaidetza sustatu, abiaraztea eta gidatzea dinamizatuko du.Finean, ikasleen mugikortasun jasangarria eta segurua ezartzea da helburua, kanpoko laguntza espezializatuarekin.Abenduan amaiturik egotea aurreikusi da.

Eskola Biderako, Bidean ta Kalean S.L. enpresaren laguntza teknikoa kontratatu da.

 Egungo joera lehengoratzea, kostu ekonomiko baxuko eta eragin handiko neurriekin

Azken urteotan, aldaketa egon da umeek eskolara joateko duten moduaren eguneroko mugikortasunean, eta autoa erabiltzeko joera areagotu da.Kasu askotan, ibilgailu ez motordunen bidez aise egin daitezkeen distantzietarako izan ohi da.Hain zuzen ere, ikastetxeen inguruan neurriz kanpo pilatzen diren ibilgailuek gero eta zailago egiten dute sarbide segurua egotea, eta, ondorioz, eskolara joateko (eta itzultzeko), ibilgailu partikularraren erabilera handiagotzen da.

Ingurumenaren eta energiaren gaineko ondorioak agerikoak dira:zarrastelkeria energetikoa; kutsadura atmosferikoa eta akustikoa; hiri-pilaketa; eta bide segurtasunaren murrizketa.Hainbat ikerketak posible ikusten dute hirietako erdiguneetan bizi diren ikasleek egunero erabilitako ibilgailuen bidaien ondorioz sortzen diren CO2, PM eta NOx bezalako emisioen %10 murriztea.

Eskolara ibilgailu ez motordunekin joateak hainbat abantaila dakartza:energia-kontsumoaren murrizpena ibilgailu motordunen erabilera murriztearen ondorioz; mugikortasun iraunkor eta osasuntsuaren ohiturak bizkortzea; kutsadura atmosferikoa eta akustikoa murriztea; eta baterako erantzukizuna sustatzea, aldaketa klimatikoaren kontrako borrokan.Eskola Bideak, gainera, haurren autonomia, gizartekoitasuna eta heldutasuna sustatzen ditu.

Aurkezten diren bi jarduerek egungo joera eutsiezina aldatzea dute xede, hain zuzen ere, kostu ekonomiko baxuko eta eragin handiko neurriekin, eta eskolara joateko ibilgailu motordunak gutxiago erabiliz eta ibilgailu ez motordunak gehiago erabiliz.Lehen kasuan (Segurtasun neurrien azterketa), proiektuak hamar udalerritan egingo diren jardueren multzo bat definituko du; jarduerok Bizkaian eta Euskal Autonomia Erkidegoan errepika daitezke.Bigarrenean (Eskola Bidea), gure inguruko beste leku batzuetan eta beste herrialde batzuetan emaitza interesgarriak ematen ari den ekintza jarriko da martxan.

Apirilaren 25ean, ostegunean, Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek Arrankudiagan duen Eskualdeko Jasangarritasun Bulegoan, batzar monografikoa egingo da Eskola Bidearen metodologiari eta lan planari buruz, eta, bertan, udal arduradunek eta eskualdeko lehen hezkuntzako ikastetxeek parte hartuko dute. 

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo