Berriak | 2013-05-27

Boluntario talde batek Ibaizabal ibaiertzeko landare exotikoak kendu ditu Galdakaoko Maximo Moreno parke alboko gunean

Boluntario talde batek Ibaizabal ibaiertzeko landare exotikoak kendu ditu Galdakaoko Maximo Moreno parke alboko gunean

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du pasa den larunbatean, maiatzaren 25ean, espezie arrotz inbaditzaileak kentzeko jardunaldia egin zela Galdakaon. Ibaizabal ibaiertzean gauzatu zen ekintza, Maximo Moreno parke alboko gune batean.

Ekintza hau “Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko, hots, Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Urduña, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberioko udalerrietako ibai eta erreketan, biodibertsitatea hobetzeko eta degradatutako ibaiertzetako berriztapen ekologikoa gauzatzeko” proiektuari lotua dago.

Hiru orduz 20 pertsonako taldea 73 metrotako ibaiertzean lanean aritu izan zen. Beste batzuen artean Cortaderia selloana (Pampa belarra) eta Buddleja davidii bezalako espezie exotiko inbaditzaileak kendu zituzten. Lagin hauek poltsetan gorde ziren, haziak airean ez barreiatzeko. Bestalde, tokiaren garbiketa ere egin zen, guztira 50 kilo hondakin batuz.

Ekintza hau zuzentzen duen talde profesionalak, hasieran eta amaieran, azalpen bat eman zuen, ingurunearen balio ekologikoaren garrantzia aipatuz, bertako espezie mehatxatuak zeintzuk diren azalduz eta hauentzat ekintza honek ekar dezaken onura nabarmenduz. Parte hartzaileei informatzeko liburuxka bana eman zitzaien eta ekintza hauek bertako flora eta faunan duten garrantzia azpimarratu zen.  

Degradatutako ibaiertzak berreskuratzeko, eskualde mailan egiten den zazpigarren jarduera da Galdakaoko hau. Udalerri honetan egiten den lehen ekintza da eta azarorako beste bi hitzordu aurreikusten dira toki berean bertako espezie autoktonoak landatzeko. Hauetako bat, ikastetxeekin egingo da eta bestea deialdi zabal bidez. Eskualdeko hurrengo deialdia Basaurin egingo da ekainaren 15ean.

Espezie exotiko inbaditzaileak biodibertsitatea galtzearen arrisku nagusietako bat dira. Hauek gure lurraldean zehar barreiatzen dira, inongo kontrolik gabe, eta ondorioz tokiko ekosistemetan kalte larriak eragiten dituzte. 

  

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • info@udaltalde21.eus • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo