Berriak | 2013-09-20

Eskola Bidea proiektuak zentro bakoitzaren diagnosiak partekatzen ditu, oinezkoen ibilbideak antolatzeko

2013ko Mugikortasunaren Aste Europarra dela-eta, Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek Eskola Bidea proiektuaren egoerari buruzko informazioa eman nahi du; proiektua eskualdeko lau udalerritako zortzi hezkuntza-zentrotan ezartzen ari da. Hona hemen zortzi zentroak: Etxebarriko Kukullaga HLHI, Arrankudiaga HLHI, Ugao HLHI, eta Galdakaoko Aperribai HLHI, Gandasegi HLHI, Eguzkibegi Egia HLHI, Unkina HLHI eta Urreta HLHI.

Aurreko ikasturtearen amaieran, proiektuan sartutako zentroetako ikasleek inkesta bat bete zuten mugikortasun ohiturei buruz, zentro bakoitzean diagnosi partekatua lortzeko asmoz: eskolarako joan-etorriak iraunkorrak diren, umeen autonomia-maila zein den, bidean oztopo arriskutsurik dagoen eta abar.

Informazioa jaso eta aztertu ostean, egungo errealitatearen argazkia islatzen duten emaitza-txostenak egin dira. Ikasturtearen hasieran sarturik gaudela, bilerak egiten ari dira zentroetako gurasoekin, emaitzak partekatu eta esperientzia pilotuak antolatzeko: ikastetxera heltzeko, aldez aurretik zehaztutako oinezkoentzako ibilbideak ezartzea, eta ibilbidean ikasleak hartzeko geltoki sorta bat jartzea.

“Eskola Bidea” proiektuak garraio-bide iraunkorrak sustatu nahi ditu Lehen Hezkuntzako ikasleen artean; isuri kutsagarririk gabeko garraio-bideak, etxetik eta eskolarako oinezko joan-etorriak, modu autonomoan eta ibilbide seguru batetik, sustatzeko asmoz.

Ekaineko lehen astean, “Kukubus” delakoa jarri zen abian Etxebarrin; bi ibilbide ezarri ziren, San Antoniotik eta San Estebanetik, eta, horietan, txaleko batekin identifikatutako guraso boluntario talde batek lagunduta eta gidatuta joaten ziren umeak ikastetxera.

Nerbioi-Ibaizabalgo ikastetxeetan mugikortasun iraunkorra sustatzeko “Eskola Bidea” proiektu pilotuak 21.780 euroko kostua du, BEZ barne. Energiaren Euskal Erakundearen Garraio eta Mugikortasun eraginkorrerako diru-laguntzen programaren %50eko diru-laguntza jaso du, BEZ sartu barik. Horren bitartez, garraioaren eta mugikortasunaren energia-kontsumoa arrazionalizatzea lortu nahi da, aldaketara bideratutako inbertsio eta proiektuen bitartez, garraio eraginkorragoak erabiltzeko, “Jarduera-zentroetara doazen garraio-planei lotutako proiektu pilotuak" delakoaren ildoan. Bidean ta Kalean S.L. enpresak du laguntza teknikoaren ardura.

Proiektu honen azkeneko helburua da ibilgailu ez motordunetan eskolara egiten diren bidaiak areagotzea, edota, gauza bera dena, ibilgailu motordunetan egindako bidaiak murriztea. Horrenbestez, pertsonen eguneroko mugikortasunean energia-kontsumoa arrazionalizatzea, garraiatzeko ibilgailu ez motordunetarako aldaketa sustatzearen bitartez: oinez joatea eta bizikleta erabiltzea; kutsadura atmosferikoa murriztea; akustika eta negutegi-efektuko gasen igorpena murriztea; eta haur nahiz nagusiak eguneroko mugikortasunaren praktika onen gainean kontzientziaraztea, segurtasunari eta joan-etorri iraunkorrei lehentasuna emanez. 

Informazio gehiago:

http://www.ut21.org/noticias_mas-e.php?id=407

 http://www.ut21.org/noticias_mas-e.php?id=420 

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo