Berriak | 2013-10-30

Espezie exotikoen 380 ale kendu eta espezie autoktonoen 938 ale landatu ostean, hondatutako erriberen leheneratze ekologikorako proiektuak bere jarduera gehienei ekingo die azaroan eta abenduan

Espezie exotikoen 380 ale kendu eta espezie autoktonoen 938 ale landatu ostean, hondatutako erriberen leheneratze ekologikorako proiektuak bere jarduera gehienei ekingo die azaroan eta abenduan

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabal erakundeak “Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko ibai eta erreketako biodibertsitatea hobetzeko ekintzak eta hondatutako erriberen leheneratze ekologikoa, Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Urduña, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberioko udalerrietan” proiektuari buruzko informazioa eman nahi du, ekimena bere erdialdera iritsi denean.

Gogoratu behar da proiektu honen helburua eskualdeko zenbait ibai eta errekaren baldintza ekologikoak hobetzea dela, erriberako landaredia leheneratuz eta habitat egokia eskainiz bertako faunari eta florari.

Orain arte lortutako emaitzen sintesi gisa, behin-behineko balantzearen datu hauek eman daitezke, proiektuaren erdialdera iritsita. Gaur egun arte, bederatzi udalerritako beste hainbeste lekutan egin izan da lan. Aurrera eramandako jarduerak hauexek izan dira, batez ere: espezie exotiko inbaditzaileak ateratzea, zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatzea, eta, azkenik, hondakinak erretiratzea.

Landaketen egunak lau izan dira. Horietako bitan, Arrigorriagan eta Ugao-Miraballesen, ziriak jarri dira harri-lubetetan, guztira 1.235 m2-ko azaleran. Bertan, 700 sahats-ziri landatu ziren. Bi egun horietan, Arrigorriaga BHI eta Ugao LHI ikasteetxetako 69 ikaslek hartu zuten parte. Hirugarren landaketa-jardunaldia Urduñan egin zen, eta, bertan, 85 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatu ziren 302 m2-ko azaleran. Jardunaldi horretan 40 herritarrek hartu zuten parte. Laugarrena (aldi berean, espezie exotikoak atera ziren) Arakaldon izan zen, eta, bertan, espezie autoktonoen 50 zuhaitz eta zuhaixka landatu ziren 18 boluntarioren laguntzarekin; besteak beste, haltza, sahatsa, lizarra, zuhandorra, zumalakarra, ereinotza eta abar landatu ziren. Guztira, 938 zuhaitz eta zuhaixka landatu dira gaur egunera arte.

Espezie exotiko inbaditzaileak ateratzeko 5 jardunaldietan, 156 ale atera dira, guztira 3.483 kiloko pisuarekin; batez ere, falopia japoniarra (Fallopia japónica), panpa-belarra (Cortaderia selloana), kanabera (Arundo donax), olivarda (Dittrichia viscosa), budleya (Buddleja davidii) Txinako asentsio-belarra (Artemisia verlotiorum) eta akazia (Robinia pseudoacacia) izan dira ateratako espezieak. Kasu honetan, parte-hartzaileak, guztira, herriko 255 boluntario izan dira, tartean herriko batzuk eta eskualdeko edo Bizkaiko beste herrietako batzuetakoak. Aleak atera eta landatzeko seigarren jardunaldi misto bat ere egin zen, Arakaldon hain zuzen; bertan, panpa-belarraren (Cortaderia selloana), kanaberaren (Arundo donax) eta Txinako asentsio-belarraren (Artemisia verlotiorum) 224 ale erretiratu ziren, guztira 820 kiloko pisuarekin. Ondorioz, guztira, landare exotiko inbaditzaileen 380 ale atera dira, 4.303 kiloko pisuarekin.

Aurreko guztiaz gain, jardun-eremuak garbitu egin ziren kasu guztietan: orotara, 490 kilo hondakin batu dira, eta zegozkien edukiontzietara eraman dira ibai-bazterretatik.

Datozen egunotan egingo dira jarduera gehienak, 12 guztira; jarduera horietan, lehenengo txandan prestatuta utzi diren ibai-tarteetan espezie autoktonoak landatuko dira. Kasu batzuetan, eskualdeko ikastetxeetako ikasleen laguntzarekin izango da (aste barruan), eta, beste batzuetan, herritar boluntarioekin oro har (asteburuan), ondorengo egutegiak jasotzen duen moduan. 

    

Proiektuaren amaieran gauden honetan, Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek eskualdeko herritarrak animatu nahi ditu, datozen asteotan egingo diren jardueretan parte hartzera. Hondatutako ibai-bazterrak leheneratzeko proiektu hau aukera bikaina da udalerriaren eta eskualdearen ingurumen arloko hobekuntzarekin modu aktiboan kolaboratzeko, beste boluntario batzuekin batera.

Proiektuak 60.279,82 euroko aurrekontua dauka, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikarako Sailaren diru-laguntza izan du. Hain justu, aurrekontuaren %85 lagundu du diruz, BEZ aparte utzita; hau da, 43.422,07 euro. 

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • info@udaltalde21.eus • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo