Berriak | 2013-11-08

Nerbioi-Ibaizabalgo Eskolako Agenda 21ak paper-kontsumoaren Behatokia abiatu du ikastetxeetan

Nerbioi-Ibaizabalgo Eskolako Agenda 21ak paper-kontsumoaren Behatokia abiatu du ikastetxeetan

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du Eskolako Agenda 21 programako ikastetxeek kontsumoen Behatokia abiarazi dutela, hasieran paperaren erabileran oinarrituta.

Hainbat denbora ikastetxeen natur baliabideen kontsumoaren jarraipena aztertu eta frogatu ondoren, paper-kontsumoaren Behatokia aurkeratu da eta dagokion metodología ere.

Paper-kontsumoaren Behatokiak helburu hauek bilatzen ditu: ikasleen parte-hartzea eta kontzientziazioa sustatzea, ikastetxearen ohiko funtzionamendurako baliabideen kontsumoan; baliabide naturalen kontsumo-adierazleen jarraipena kalkulatu, kudeatu eta gauzatzea; eta konparazioak egitea eskualdeko beste ikastetxe batzuen kontsumoarekin.

Ikasleek ikastetxeko paper-kontsumoan duten eragina kontuan hartuta, Behatokiak parametro horren neurketarekin hasi du bere lana, eta, etorkizunean, beste lan batzuk egin ahal izango dira. Parte-hartzaileek, fakturen bitartez, kontsumitutako paper-kopurua neurtzen dute, eta ikasle bakoitzaren kontsumoaren batezbestekoa lortzen dute, urte natural bakoitzeko.

Nerbioi-Ibaizabalen, Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten ikastetxeetako paper-kontsumoaren batezbestekoa 1.037 orrikoa da ikasle eta urte natural bakoitzeko, 2011n zein 2012an. Ikastetxe gehienek urte batetik bestera murriztu dute kontsumoa, baina, kasuren batean, igo egin da, eta, ondorioz, batezbesteko globala ez da aldatzen nabarmenki.

Behatokiaren bitartez, ikastetxe bakoitzeko kontsumoaren bilakaera ikus daiteke, eta batez ere antzeko ezaugarriak dituzten ikastetxeak (tamaina, ikaslegoaren profila eta abar) elkarren artean konparatu daitezke hobetzeko aukerak atzeman ahal izateko.

Lortutako emaitzak ikusita, ikastetxeek paperaren kontsumoarekin erlazionatutako zenbait konpromiso hartu dituzte: ekoetiketadun papera erostea, erosketa berdearen irizpideen arabera; zenbait praktika on finkatzea, gero eko-ordezkariek gainerako kideei praktika horien gaineko azalpenak eman diezazkieten; sentsibilizazio-jarduerak egitea, ikastetxeak dituen komunikazio-kanalak erabiliz; baliabide digitalen erabilera sustatzea, paperezko formatua dutenen ordez; eta paperaren birziklapena sustatzea, tailerrekin, eskulanekin eta abar.

2013-2014 ikasturtean, datu berriak lortuko dira Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten eskualdeko hamar ikastetxeetan: Arrigorriaga BHI, Etxebarri BHI, Galdakao HHI, Eguzkibegi Ikastola HLBHIP, Andra Mari BHI, Bengoetxe BHI, Elexalde BHI, Orozkoko Harana HLHI, Ugao HLHI eta Urduña HLHI.

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek oso modu positiboan baloratzen du praktika hau, eta oso erabilgarritzat jotzen du neurketaren kulturaren zabalkundea, kasu honetan, baliabide baten kontsumoaren neurketa; izan ere, horrela, ingurumenean eragina duten eguneroko ohiturak hobetuko dira. 

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • info@udaltalde21.eus • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo