Berriak | 2013-11-15

Nerbioi-Ibaizabal eskualdeak bat egin du Hondakinen Prebentzioari buruzko Aste Europarrarekin

Nerbioi-Ibaizabal eskualdeak bat egin du Hondakinen Prebentzioari buruzko Aste Europarrarekin

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du bat egin duela Hondakinen Prebentzioari buruzko Aste Europarrarekin. Aste hau azaroaren 16tik 24ra bitartean ospatzen da da eta, haren bidez, ekintza iraunkorrak sustatu nahi dira Europa osoan hondakin gutxiago sortzeko, kontsumo arloan dauden ohituren eta ingurumenean izandako eraginaren artean dagoen harreman estua erakutsiz.

Astea aukera egokia da hainbat eragilek egiten dituzten zereginak ezagutzera emateko –hondakinen prebentzioari buruzko adibide zehatzak jarriz–, eta europarrek kontsumo- eta ekoizpen-arloetan egunez egun duten portaera aldatzen saiatzeko. Hondakinen Prebentzioari buruzko Aste Europarraren V. edizioak duen helburu nagusia hondakinak gutxitzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko jarrerak bultzatzea da.

Hiru jarduera hauek egingo dira eskualdean: hondakinen prebentziorako barneko ildo nagusiak prestatu dira, udal-arduradunek Bizkaiko Konpostegira eta Tratamendu Mekaniko Biologikoko Instalaziora (TMB) joango dira, eta biztanleen artean kontzientziazioa pizteko mezua zabalduko da.

Lehenik eta behin, Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko udaletako langileek hondakinen prebentziorako esparruan bete behar dituzten barneko ildo nagusiak prestatzeko, jardunbide egokien proposamen batzuk zabalduko dira, bulegoetan egunez egun hondakin gutxiago sor dadin eta horiei aurrea har diezaieten.

Bigarrenik, Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko udal-teknikari eta arduradun politiko talde bat Bizkaiko Konpostegira eta Tratamendu Mekaniko Biologikoko Instalaziora (TMB) joango da azaroaren 22an (ostirala). Bisita horren bidez, frakzio organikoaren zirkuitu osoa ezagutu nahi da. Aurreikuspenen arabera, 2014. urtean jarriko da abian eskualdeko udalerrietan bosgarren edukiontziaren bidez frakzio organikoa biltzeko sistema.

Hirugarren ekintzari dagokionez, Hondakinen Prebentzioari buruzko Aste Europarra egitearekin bat, kontzientziazio-mezua bidaliko zaie eskualdeko biztanleei.

Europako Batzordearen LIFE+ programak laguntza eman du Hondakinen Prebentzioari buruzko Aste Europarra egiteko, eta, horrez gain, 19 herrialdetan, 35 eskualde-agintari lankidetzan aritu dira, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoaren Hondakinak Koordinatzeko Organoa, Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak eta hiru foru aldundiek osatutakoa.

2009. urtean Europan abian jarri zenetik, ekimenak gero eta arrakasta handiagoa izan du. Ildo horretan, prebentzio-arloko 25.000 ekintza baino gehiago egin dira 28 herrialdetan, eta agente publiko eta pribatuen sare bat garatu da, hondakinei aurrea hartzeko esparruan lanean jarduteko. Horrek argi erakusten du herritarrek eta administrazioak gero eta interes handiagoa dutela sortzen diren hondakinen kopurua pixkanaka gutxitzeko.

Argibideak: http://www.ocru.net/Paginas/Ficha.aspx?IdMenu=2b6f78f5-b6c8-4106-a7db-1d8e90874de1

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • info@udaltalde21.eus • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo