Berriak | 2013-12-13

Udal arduradunen bisita Bizkaiko Konpostegira eta TMBra

Udal arduradunen bisita Bizkaiko Konpostegira eta TMBra

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du, gaur, abenduaren 13an, eskualdeko udal arduradun talde batek, politikoak eta teknikariak, Bilboko Arraizen dauden Bizkaiko Konpostegia eta TMB (Tratamendu Mekaniko Biologikorako) plantak bisitatu dituztela.

Bisita hau Hondakinen Prebentziorako Aste Europarra dela-eta antolatutako jardueretako bat da; azaroaren 22an zen egitekoa, baina euri asko egingo zueneko alerta laranja dela eta, bertan behera geratu behar izan zen.

Bisitaren helburua da bertatik bertara ezagutzea eskualdean jasotako hondakinen tratamendua, eta, bereziki, zabor organikoekin zer egingo den; izan ere, zabor organikoa 5. edukiontziaren bidez jasoko da Nerbioi-Ibaizabalgo udalerrietan, 2014. urtetik aurrera.

Landare-jatorriko hondakin organikoen Konpostegia 2011ko urtarrilean jarri zen martxan, eta 14.000 m2-ko azalera dauka, Artigasko hondakindegi kontrolatutik berreskuratutako lursailetan kokaturik.

Planta horrekin eta txikiagoak diren beste batzuekin, urtean 30.000 tona konpostatzeko asmoa dago, hau da, Bizkaian sortutako lehen mailako hondakinen %4. Planta hori Bizkaian sortutako landare-jatorriko materia organiko konpostagarria tratatzeko dago diseinatuta. Materialen jatorriaren iturriak hiru dira: Garbikerrek kudeatutako 23 garbiguneetan edo lorezaintza-enpresek sortutako inausketen hondarrak, saltoki handietan eta azoketan jaso diren eta giza kontsumorako egokiak ez diren frutak eta barazkiak, eta, azkenik, etxe partikularretako landare-jatorriko materia konpostagarria, bosgarren edukiontzian jasotakoa. Plantaren barruan, gune hauek bereizten dira: pisatze-gunea edo baskula-gunea, materiala jasotzeko nabea, pilak sortzeko eta ontzeko nabea, amaierako biltegiratze-nabea eta lixibiatuak tratatzeko eta berriro zirkulazioan jartzeko gunea.

Tratamendu Mekaniko Biologikorako Plantak (TMB) hiri-hondakinak tratatzeko teknologia berria dauka. Prozesu mota honek hondakinen alde organikoaren sailkapen mekanikoa eta tratamendu biologikoa uztartzen ditu.

Planta hau urtean 180.000 tona tratatzeko dago diseinatuta, Bilboko hiri-hondakinak barne. Planta honetan egiten den prozesuak hiru urrats ditu: hondakinak jasotzea, tratamendu mekanikoa, eta lehortzea edo ontzea.

Zaborra jasotzeko, hondakinak deskargarako beheko plataforman uzten dira; bertatik, olagarro batekin, prozesura sartzen dira zinta garraiatzaileen bitartez. Horretarako, lehenengo eta behin, ikusizko kontrola egiten da eta inpropioak hautatzen dira. Ondoren, materialak lehortze/ontze prozesura eramaten dira. Prozesu hori hormigoizko tuneletan egiten da, erreaktoreetan; bertan, materialaren osagai biologikoak lehortzen eta degradatzen dira bi astez, gutxi gorabehera.

Erreaktoreen aire guztia bioiragazki baten bidez hartzen dira, eta usaina kentzen zaie. Tratamendu biologikorako sistema honek eskaintzen duen bigarren abantaila da, hezetasuna kenduz gero, duen gaitasun kalorifikoa handitzen zaiola. Gainera, lixibiatuak sortzea saihesten da. 

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • info@udaltalde21.eus • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo