Berriak | 2014-07-17

Ibaiertzen leheneratze ekologikorako proiektuaren balantze positiboaren ostean, bigarrenez ekingo zaio irailetik aurrera

Ibaiertzen leheneratze ekologikorako proiektuaren balantze positiboaren ostean, bigarrenez ekingo zaio irailetik aurrera

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek 2013. urtean garatutako “Nerbioi-Ibaizabal eskualdean hondatutako ibaiertzen leheneratze ekologikorako proiektua eta ibai eta erreketan biodibertsitatea hobetzeko ekintzak, Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Urduña, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberioko udalerrietan” proiektuaren balantzearen berri eman nahi du. Aldi berean, jakinarazten du “Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko ekosistema hezeetako eta ibaialdeetako fauna eta flora autoktonoak hobetzeko ekintzak, Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Urduña, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberioko udalerrietan” izeneko bigarren proiektu bat jarriko duela abian laster, eta 2014ko udazkenean eta 2015eko lehenengo hiruhilekoan garatuko dela. Proiektu bien asmoa eskualdeko natur ingurunea hobetzea da, teknikari espezializatuen babesarekin eta herritar boluntarioen parte-hartzearekin.

2013ko martxoaren eta 2014ko urtarrilaren artean garatutako proiektuan, 21 esku-hartze egin dira eskualdeko 11 udalerrietako 11 tokitan, eta, bertan, kalte handiak zituzten ibaiertz-tarteak leheneratu dira, eta erribera horiek korridore ekologiko gisa duten funtzioa indartu da. Ekintzak honakoak izan dira, batez ere: eskuz erauzi dira landare exotiko inbaditzaileen zenbait espezie; isurialde kantauriarreko ibai-erriberetako zuhaitz eta zuhaixka espezie autoktonoak landatu dira; erribera eta ubideetako hondakinak garbitu dira; herritarren eta parte-hartzaileen ingurumen sentsibilizaziorako materialak prestatu dira, eskualdeko ibai eta erriberei dagokienez eta toki horiek kontserbatzearen eta ingurumen aldetik hobetzearen garrantziari dagokionez; eta, azkenik, boluntario eta ikasle taldeak dinamizatu eta gainbegiratu dira ekintza guztietan.

Zenbakitan esanda, Nerbioi, Ibaizabal, Altube eta Zeberio ibaien eta Upo errekastoaren bazterretako 1.866 metro linealetan eta 8.456 metro koadrotan egin izan dira esku-hartzeak. 497 lagunek hartu dute parte (%46,48, emakumezkoak; eta %53,51, berriz, gizonezkoak), boluntariotzatik (210) eta ikastetxeetatik (287) etorritakoak.

Guztira, espezie exotiko inbaditzaileen 973 ale erauzi dira, denak ere landare exotiko inbaditzaileen bederatzi motatakoak. Guztira, 5.269 kiloko pisua izan dute. Kopururik handienetik txikienera joanda, honakoak nabarmendu behar dira: Pataka, Helianthus Tuberosus (450 ale eta 105 kilo); Artemisia inbaditzailea, Artemisa Verlotorum (250 ale eta 249 kilo); Panpa-belarra, Cortaderia Selloana (139 ale eta 3.280 kilo); Falopia, Fallopia Japonica (113 ale eta 262 kilo); eta Tximeleta-lorea, Budleja Davidii (11 ale eta 1.300 kilo). Kopuru txikiagoetan, beste espezie batzuetako aleak erauzi dira; besteak beste, hauek: Kanabera, Arundo Donax; Sasiakazia, Robinia Pseudoacacia; Olibarda, Dittrichia Viscosa; eta Hiru arantzadun akazia, Gleditsia Triacanthos.

Horien ordez, ibaiertzetako espezie autoktonoen 1.798 ale landatu dira, bertako landaretza leheneratzeko eta ibaietako fauna eta flora espezieei habitat egokia eskaintzeko. Kopuru aldetik, hauek nabarmendu behar dira: sahatsa (1.330 ale), haltza (173), lizarra (126), zumalakarra (51), zuhandorra (25), txorbeltza (22), elorri zuria (21), ereinotza (17) eta elorri beltza (10). Eta, kopuru txikiagoetan: hurritza, intsusa, ezkia, gaztainondoa, astigar arrunta, haritza eta basaerramua.

Garbitutako inguruei dagokienez, 2.026 kilogramo hondakin jaso dira, hainbat motatakoak. Hondakin horiek, kasu bakoitzaren arabera, edukiontzietara edo Garbiguneetara eraman dira ibaiertzetatik.

Ikastetxe hauek aritu dira programan parte hartzen: Ugao LHI, Arrigorriaga BHI, Etxebarri BHI, Basauriko Bizkotxalde ikastetxea, Zeberioko Zubialde LHI, Galdakaoko Elexalde BHI eta Eguzkibegi Ikastola, Urduña LHI eta Orozkoko Harana Herri Ikastetxea. Ekintza hauek eskola-orduen barruan egin dira. Gainerako ekintzak asteburuetan egin dira, herritar partikularren parte-hartzearekin eta eskualdeko zein Bizkaiko Lurralde Historikoko gainerako tokietako elkarteen lankidetzarekin. Elkarte hauek kolaboratu dute: Urduñako Ehiza eta Arrantza Elkartea, Sagarrak Taldea, Harribide Fundazioa, Etxebarriko San Antonioko Gaztetxea, IZATE Ingurumen Elkartea, Betsaide (ornitologikoa), Sendigune (Familien Elkartea), Euskalerriko Eskautak Bizkaia eta Emaús Gizarte Fundazioa. Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek esker ona eta aintzatespena agertu nahi die guztiei: ikastetxeei, elkarteei eta herritar partikularrei.

Proiektuaren alderdi dibulgatiboa osatzeko, hitzaldi dibulgatiboak egin dira ekintzetan bertan; 11 kartel iraunkor jarri dira inguru horietan, kontserbatu beharreko ezaugarriak eta balioak zeintzuk diren adierazteko; egindako ekintzei buruzko 1.500 informazio-liburuxka banatu zaizkie parte-hartzaileei, udal arduradunei eta ikastetxeetako ordezkariei; kartelak editatu dira eta kontaktu-multzo handi bati helarazi zaio informazioa (43 prentsa-ohar).

Azkenik, ekintzei buruz ondorengo hilabeteetan egindako jarraipenaren arabera, berretsita geratu da landatutako landare autoktonoen biziraupen-indizea oso altua dela, eta ale exotikoak erauztearen eraginkortasuna ere oso handia dela (%80). Era berean, inguru horien leheneratze ekologikoari dagokionez, ekintzek eragin positiboa izan dute.

Proiektu honek 61.468,26 euroko kostua izan du, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren diru-laguntza jaso du.

2015ean garatuko den bigarren proiektuaren helburua da ibaiertzetako flora eta fauna espezieen populazioak kualitatiboki eta kuantitatiboki hobetzea, eta, zehazki, eskualdean mehatxu-maila handiena duten espezieetako batzuen egoera hobetzea; besteak beste, baso-igel jauzkariaren (Rana dalmatina), miru gorriaren (Milvus milvus) eta bisoi europarraren (Mustela vison) egoerak.

Hauek izango dira zeregin nagusiak: udalerri bakoitzean aukeratutako inguru hondatuetan, ibaiertzetako zuhaixka eta zuhaitz espezie autoktonoak landatzeko eta mantentzeko ekintzak; ibaien urbazter eta inguru heze sentikorretan dauden landare-espezie exotiko inbaditzaileak antzeman eta eskuz erauztea; 2 putzu artifizial egitea, mehatxatutako anfibioak eta narrastiak indartzeko; eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko ibai eta hezeguneetako fauna-espezieei buruzko 3 sentsibilizazio-kanpaina egitea.

Lehenengo proiektuan bezala, ekimen honen helburua da eskualdeko ahalik eta pertsona kopururik handiena inplikatzea eta sentsibilizatzea, bai tokian tokiko hobekuntza ekologikoari dagokionez eta bai sentsibilizazio-ekintzei dagokienez.

Bigarren proiektu horrek 43.136,5 €-ko aurrekontua dauka, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren diru-laguntza jaso du. 

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo