Berriak | 2014-10-14

Nerbioi-Ibaizabalen, bosgarren edukiontziaren eta autokonpostatzearen bidez, etxeko hondakinen frakzio organikoa jasotzeko zerbitzu berriaren aurkezpena

Nerbioi-Ibaizabalen, bosgarren edukiontziaren eta autokonpostatzearen bidez, etxeko hondakinen frakzio organikoa jasotzeko zerbitzu berriaren aurkezpena

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du abian jarriko dela hondakinen frakzio organikoaren gaikako bilketaren zerbitzu berria, Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Etxebarri, Orozko, Ugao-Miraballes eta Zaratamo udalerrietan bosgarren edukiontzia ezarriz eta autokonpostatzea sustatuz.

Zazpi udalerriek guztira 31.980 biztanle biltzen dituzte (11.221 etxe inguru), saltoki eta hondakin organikoen bestelako ekoizle handi batzuez gain.

Izen-ematearen bidez egiten den zerbitzu parte-hartzailea da. Bilketa berri honetan etxeen % 30ek parte hartzea da helburua, hau da, 9.593 biztanleri dagozkien 3.366 etxek.

Zerbitzu berri honekin, eskualdeak pauso garrantzitsua ematen du 2020rako Nerbioi-Ibaizabaleko Tokiko Agenda 21eko Ekintza Planean ezarritako xedeetako bat lortzeko bidean: eskualdean hondakinen gaikako bilketan % 55eko portzentajea lortzea.

“Bosgarren edukiontzi” edo “edukiontzi marroi” gisa ezagutzen den horretan soilik kozinatu gabeko landare-hondakinak sar daitezke: fruta eta barazkiak, lorezaintza-hondar txikiak, ogia, fruitu lehorrak...

Edukiontziaren estalkiak beste estalki bat du, eta horrek, sarraila bat du, hondakinak botatzean giltzaz ireki eta ixteko. Izena emandako etxe bakoitzak birziklapen-kita jasoko du: 10 litroko edukiera duen ontzi bat, konpostatzeko poltsak, edukiontzia irekitzen duen giltza eta azalpen-eranskailua. Kita jasotzeko topaketa-egutegi bat ezarri da eta www.ut21.org webgunean kontsulta daiteke.

Bilketa eta garraio zerbitzua datorren urriaren 27an, astelehena, hasiko da. Zerbitzua astean bitan eskainiko da, udan eta Gabonetan izan ezik; garai horietan astean hiru bilketa egingo dira. Hondakin horiek Bizkaiko Foru Aldundiko Konpostatze-Plantara garraiatuko dira, eta han mendi eta lorategietarako kalitate oneneko ongarri eta konpost bihurtuko dituzte.

Autokonpostatzea lorategia edo baratzea duten etxebizitzei eskaintzen zaie, beren ongarri edo konpost propioa egin ahal dezaten, beren hondakin organikoekin. Izena emandako etxe bakoitzak konpostagailua, aireztatzeko tresna eta gida didaktikoa jasoko ditu, eta horiek udalerri guztietan egingo diren prestakuntza tailerretan emango dira. Agenda osoa www.ut21.org webgunean eskura daiteke.

Zerbitzu berriaren arrakasta zuzenean herritarren parte-hartzearekin lotuta dago. Bosgarren edukiontzian edo autokonpostatzean izena emateko moduak hauek dira:

Horretarako, aurreikusten diren herritarrak informatzeko planaren ekintzak hauek dira:

Bigarren fase bat egongo da eta izena emateko aukera berri bat izango da. Gainera, autokonpostatzearen praktikaren jarraipen bat egingo da dei bidez eta, batzuetan, bisita bidez.

Halaber, berariaz ekingo zaio supermerkatu, frutategi eta loradenda bezalako ekoizle handien parte-hartzeari, haiekin harremanetan jarriz, telefono bidez, bisita eginez eta ontzi eta poltsak bezalako beharrezko materiala emanez, eta nola funtzionatzen duen azalduko da.

Komeni da konpostatzearen abantailak gogoraraztea. Laburbilduz: 1) Landareentzako ongarri aparta sortzen du; 2) Sortutako hondakinen kopurua murrizten du; 3) Bilketa, garraio eta tratamenduen kostuan aurrezten du; 4) Hondakina baliabide bihurtzen du eta materia organikoaren zikloa ixten du.

Merezi du frakzio honen tratamenduak hondar gisa biltzearekin alderatuta udalei dakarkien aurrezte ekonomikoa azpimarratzea: 37,85 euro tonako, hondakin baten eta bestearen prezio publikoaren tartea dela-eta: batak, 80,74 euro gehi BEZ eta besteak, 46,33 euro gehi BEZ. Argi dago hondarren edukiontzira joan beharrean konpostatzera doan tona bakoitzeko, aurreztea erabatekoa dela: 88,81 euro.

Zerbitzua abian jartzeko beharrezkoa izan da ondokoak erostea: 1.100 litroko edukiera duten 85 edukiontzi, atzeko karga dutenak, eta 3.600 giltza; 3.550 etxe-ontzi eta 10 litroko edukiera duten 355.000 poltsa konpostagarri; 341 litroko 170 autokonpostagailu eta 801 litroko 15 autokonpostagailu. Horrez gain, herritarrak informatzeko planaren diseinua eta gauzatzea kontratatu da.

Lehiaketa publiko irekiak irabazi dituzten enpresak hauek izan dira: Contenur, edukiontzien eta giltzen horniduran; Seigar Bost, etxeko ontzietarako, poltsa konpostagarrietarako eta autokonpostagailuetarako; eta OCR Branding, herritarrak informatzeko planerako.

Bilketa eta garraio zerbitzua Fomento de Construcciones y Contratas - GMSM Medioambiente ABEEri esleitu zaio urtebeterako.

Zerbitzu berri hau ezartzearen kostua, guztira, 115.660,75 eurokoa da, eta horietatik 55.715,66 euro informazio planari dagozkio; 24.546,06 euro, edukiontzien erosketari, 25.300,49 euro, etxeko ontziei eta poltsa konpostagarriei; eta 10.098,54 euro, autokonpostagailuei eta aireztatzeko tresnei.

Bestalde, urtebeterako bilketa eta garraio zerbitzuaren kostua 49.949,68 eurokoa da.

Herritarrak informatzeko kanpaina eta edukiontzi, poltsa konpostagarri, etxeko ontzi, giltza eta autokonpostagailuen eskurapena oso-osorik Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak diruz lagunduko du.

Bilketa eta garraio zerbitzua, baita tratamendua ere, oso-osorik udalek finantzatuko dute.

Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Etxebarri, Orozko, Ugao eta Zaratamoko Udalek eta Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek herritar guztiei hondakinen frakzio organikoaren bilketa zerbitzu berri honetan, bosgarren edukiontziaren edo autokonpostatzearen bidez, modu aktiboan eta masiboan parte hartzeko gonbidapena egiten diete.

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo