Berriak | 2014-12-10

Nerbioi-Ibaizabal eskualdean etxeko hondakinak biltzeko zerbitzuen kontratazio bateratuaren bideragarritasuna aztertuko da

Nerbioi-Ibaizabal eskualdean etxeko hondakinak biltzeko zerbitzuen kontratazio bateratuaren bideragarritasuna aztertuko da

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabal erakundeak jakinarazten du Nerbioi-Ibaizabal eskualdean etxeko hondakinak biltzeko zerbitzuaren kontratazio bateratuari buruzko azterketa abiaratu dela. Plan honek bi helburu ditu: lehenengo eta behin, etxeko hondakinak biltzeko zerbitzuen kontratuen bateragarritasunari buruzko bideragarritasun tekniko, juridiko eta ekonomikoaren azterketa egitea; eta, bigarrenik, bideragarritasuna berresten bada, kontratuen bateratze horri dagokion `bide-orria´ edo ibilbide administratiboa definitzea.

Etxeko hondakinak eskualde mailan biltzeko zerbitzuen kontratu guztien balizko bateratzea erronka handia da, eta horrek azterketa teknikoko prozesua eskatzen du, bai eta erabaki politikoa ere, oinarri sendoetan bermatuta. Horretarako, laguntza teknikoa kontratatu da, erabaki hori errazteko. Gaur egun, hondakinak biltzeko zerbitzuak udal aurrekontuaren zati handia hartzen du, eta, ziurrenik, kontratazio bateratua eginez gero, dirua aurreztuko da.

Proiektuan parte hartuko duten udalerriak Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Etxebarri, Orozko, Ugao-Miraballes, Urduña-Orduña, Zaratamo eta Zeberio dira. Guztira, 37.442 biztanle eta 243,6 kilometro koadro hartzen dituzte. Proiektuan sartzen diren hondakin frakzioak hauek dira: gainerakoak, papera-kartoia, ontziak eta beira.

Laburbilduz, honako hauek dira egin beharreko lanak: diagnostikoa, bideragarritasunaren azterketa, zerbitzu bateratu berriaren diseinua, bide-orriaren prestaketa, txosten ekonomikoa eta parte-hartzearen dinamizazioa.

Zehatzago esanda, diagnostikoaren barruan kontratuen, zerbitzuen eta emaitzen azterketak sartuko dira. Ekimen honek funtzionaltasunari eta kostuei buruzko ondorioak emango ditu, bai eta hobekuntza tekniko eta ekonomikorako aukerei eta beste gai esanguratsu batzuei buruzkoak ere.

Frakzio ezberdinen kontratu guztiak kontratu bakarrean bateratzeari buruzko bideragarritasun tekniko, juridiko eta ekonomikoaren azterketak zenbait gomendio emango ditu. Bateratzea bideragarritzat joko da, baldin eta, herritarren eta ingurumen arloko emaitzaren ikuspuntutik, gaur egungo zerbitzuen kalitateari eusten badio edo hobetzen badu, kostu ekonomikoa murriztuz.

Zerbitzu bateratu berriaren diseinuak karakterizazio jakin bat planteatuko du ikuspuntu tekniko, juridiko eta ekonomikotik.

Bateratzeari dagokion bide-orri edo ibilbide administratiboak ezarpenaren kontratu mota, ekintza-plana eta kronograma zehaztuko ditu.

Txosten ekonomikoak gaur egungo egoeraren eta zerbitzu bateratuaren arteko azterketa konparatiboa eskainiko du, kostuei eta diru-sarrerei dagokienez; era berean, zenbatekoen estimazioak ere eskainiko dira, hondakin mota bakoitzaren eta udalerriaren arabera.

Aldi berean, lan-planaren barruan zerbitzu bateratu berriaren eraketan ari diren udal guztietako udal arduradunen parte-hartzea dago jasota.

Aurreikuspenen arabera, proiektuaren ondorioak martxo amaieran jakinaraziko dira. Laguntza teknikoko zerbitzuaren enpresa esleipenduna EKOIURE–INGURU–CIMAS ABEE da; izan ere, bost eskaintza aurkeztu ziren lehiaketa irekira, eta aipatutakoak irabazi zuen. Kostua, BEZ barne, 23.595 eurokoa da, eta zenbateko hori bederatzi udal parte-hartzaileek finantzatuko dute osorik.

Abiarazpen-batzarra gaur goizean egin da, Arrankudiagako Jasangarritasunaren Eskualde Bulegoan, bertan udal arduradunak egon direlarik. 

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo