Berriak | 2014-09-28

Eskola Agenda 21 programaren ikasturte berria hasi da, “Murriztu, berrerabili, birziklatu” gaiari buruz

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazten du 2014-2015 ikasturteko Eskola Agenda 21 programa hasiko dela eskualdeko bederatzi ikastetxetan: Arrigorriaga BHI, Etxebarri BHI, Galdakao HHI, Eguzkibegi Ikastola HLBHIP, Andra Mari BHI, Bengoetxe BHI, Elexalde BHI, Urduña HLHI eta Ugao HLHIn. Programa hau 2006-2007 ikasturtetik ari da egiten eskualdean. Beraz, elkarren segidako bederatzigarren edizioa da. Ikasturte honetan, gutxi gorabehera, 3.350 ikaslek hartuko dute parte, beraien familiekin eta ikastetxeetako irakasleekin batera.

Oraingoan, lanerako gaia “Murriztu, berrerabili, birziklatu” da. Programaren helburua kontsumo arduratsuarekin erlazionatutako gaietan sakontzea da, hondakinen esparruan zentratuta. Lanaren gaiarekin lotutako zenbait tailer eta ibilbide egingo dira: konpostaje bidezko birziklapen-tailerrak edo loreontziak, hazitokiak eta konpostaren beste erabilera batzuk prestatzeko tailerrak izango dira egingo diren jardueretako batzuk, betiere, ikastetxe bakoitzeko ikasleen adinei eta ezagutza teknikoei egokitutakoak.

Berrikuntza gisa, ikasturte honetan, Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko ikastetxeen Eskolako Agenda 21 programari buruzko bloga editatuko da, eta www.ut21.org helbidean ikusi ahal izango da. Bloga ikastetxeek aldizka bidaliko duten informazioarekin elikatuko da; hain zuzen ere, Eskolako Agenda 21 programaren barruan egindako jarduerei eta Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek prestatutako beste eduki batzuei buruzko informazioa jasoko da bertan.

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek eta udalek ikastetxeen esku jartzen duten laguntza teknikoak dinamizatuko ditu proiektua eta antolatutako jarduerak. Aipatutako laguntza teknikoa Ondoan S. Coop. enpresak emango du (19.602 euroko zenbatekoan kontratatu da).

Eskolako Agenda 21 ikastetxearen eta ingurunearen ingumen eta gizarte hobekuntzarako programa da. Hezkuntza-komunitatearen konpromisoa da, eta, udalekin batera lan eginez, ikastetxearen eta udalerriaren ingurumen kalitatea eta iraunkortasuna hobetu nahi dira. Oinarrizko hiru osagai ditu: hezkuntza zentroaren eta inguruaren ingurumen iraunkortasuna, curriculumaren arloko berrikuntza eta komunitatearen partaidetza.

Aurreikuspenen arabera, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren diru-laguntza jasoko du programa honek, garapen iraunkorra sustatzen duten ekintzetarako laguntzen deialditik.

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo