Berriak | 2017-06-09

Arrigorriagako Eskolako Agenda 21 ekimenaren urteko Foroa egin da

Arrigorriagako Eskolako Agenda 21 ekimenaren urteko Foroa egin da

Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek jakinarazi nahi du ekainaren 8an, osteguna, Eskolako Agenda 21aren Foroa egin dela Arrigorriagako Udaletxeko bilera-aretoan. Ekitaldiak amaiera eman dio 2016-2017 ikasturteko egitarauari, Espezie Exotiko Inbaditzaile gaiari buruz jardun duena. Ekitaldian, Alkatea den Asier Albizua eta Jasangarritasun Zinegotzia den Karlos Atutxak hartu dute parte 23 ikasleko taldea eta Eusko Jaurlaritzako Ingurugela-CEIDAren ordezkariarekin batera.

Ikasleek Eskolako Agenda 21 programaren baitan, ikasturte honetan gauzatu dituzten jarduerak aurkeztu dituzte. Horien artean aipatzekoa ikastetxearen inguruan egindako ibilbidea, dauden espezie exotiko inbaditzaileak antzemateko. Lau aurkitu zituzten: Akazia beltza, Budleja davidii, Panpako lezka eta Sasiakazia.

Jarraian, Ikastetxeak hurrengo ikasturterako hartutako konpromisoak azaldu ditu: ez erosi edo adoptatu animalia exotikorik; ez landatu landare inbaditzailerik; ez abandonatu animalia exotikorik eta ez askatu edozein lekutan; lorategi bat landatzerakoan zer landare mota jartzen den kontrolatzea; herrian horrelako espezieak ikustekotan Udalera deitu.

Era berean, honako eskariak helarazi dizkiote Udalari: espezie exotiko inbaditzaileak mugatu eta desagertarazi udalerritik; animalia exotikoak gure ingurunean askatzea debekatu kartelen bitartez; ingurunea birsortu bertako espeziekin; eta tailerrak egin biztanleria kontzientziatzeko.

Alkateak eta Zinegotziak egindako lanagatik zoriondu dute ikastetxea, erantzun positiboa eman diete aurkeztutako eskakizunei eta kontutan hartuko dituztela adierazi dute, nagusiki udal jabetzako eremuetan.

Bukatzeko, 2015-2016 ikasturteko Foroan luzatutako eskakizunei eta ikasleek hartutako konpromesuei jarraipena egin diete, emaitza positiboa izanik bi kasuetan.

Aurkezpen osoa

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo