Berriak | 2020-02-11

Eskolako Agenda 21eko ikastetxeek Galdakaoko Hozkailu Solidarioa bisitatu dute

Eskolako Agenda 21eko ikastetxeek Galdakaoko Hozkailu Solidarioa bisitatu dute

Urtarrilean eta otsailean, Eskolako Agenda 21eko ikastetxeek Galdakaoko Hozkailu Solidarioa bisitatu dute, aurten ekonomia zirkularraren gaia jorratzen ari den hezkuntza-programaren esparruan.

Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak (GBGE) garatutako proiektu bat da Hozkailu Solidarioa. Elikagaiak ez xahutzea du helburu, batzuek soberan dituzten elikagaiak beste pertsona batzuen eskura jarriz. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera (FAO) munduan ekoizten diren elikagaien heren bat, hau da, urtean 1.300 milioi tona inguru, ez da merkaturatzera iristen eta bota egiten da.

Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteko presidente eta sortzaile Álvaro Saiz Ruizek gidatutako bisita sarearen lehenengo hozkailuaren aurrean hasi da. Hozkailu horrek 2015. urteaz geroztik darama funtzionamenduan. Proiektuak nola funtzionatzen duen eta berau erabiltzeko bete beharreko arauak zeintzuk diren ezagutzeaz gain, hozkailuaren ondoan dagoen banaketa entitatea ikusi dute ikasleek. Lokal honetan, besteak beste, estandar estetikoak betetzen ez dituzten eta iraungitze-data gertu duten elikagaiak daude, nolanahi ere, arazorik gabe aprobetxatu daitezkeenak.

Herritarren zati batek elikagaiak ekartzen ditu eta beste zati batek horiek aprobetxatzen ditu (behartsuak izan zein ez); izan ere, proiektua pertsona guztiei dago zabalik, euren egoera sozioekonomikoa edozein delarik ere. 160 boluntarioren artean antolatzen dute proiektua eta hilean 7.000 kg elikagai mobilizatzen dute, 135 familia baino gehiagoren mesederako.

Amaitzeko, ikasleek Rexcatering proiektua ezagutu dute (Recuperación de Excedentes Alimentarios - Soberan dauden Elikagaiak Berreskuratzea). Galdakaoko elkarteak laster zabalduko duen denda bat da eta honek ere elikagaiak ez xahutzea izango du xede.

Hozkailu solidarioa bisitatuko duten ikastetxeak: Etxebarri BHI, Galdakao GHHI, Eguzkibegi Ikastola, Andra Mari BHI, Bengoetxe BHI, Elexalde BHI, Ostalaritza Eskola eta Ugao-Miraballesko IPIa.

• Itzuli

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • info@udaltalde21.eus • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo