Jasangarritasun Bulegoa

Eskualdeko Iraunkortasun Bulegoko erabilera anitzeko aretoa erabiltzeko protokoloa

Nerbioi-Ibaizabaleko Eskualdeko Iraunkortasun Bulegoko erabilera anitzeko aretoa espazio publikoa da, eta herritarrek erabil dezakete, Eskualdeko Iraunkortasun Bulegoaren jarduerarekin bateragarriak diren jardueretarako.

Espazio publiko honen funtzionamendu ona bermatzeko, honako protokoloa ezartzen da.

  1. Eskualdeko Iraunkortasun Bulegoko erabilera anitzeko aretoan Bulegoaz besteko jarduerak egin ahal izango dira, praktikan jarduera horrekin bateragarri badira.
  2. Instalazioa Arrankudiaga-Zolloko pertsona fisiko, elkarte eta erakundeek erabili ahal izango dute, protokolo honetako baldintzak betetzen badituzte.
  3. Bulegoaren jarduera eta bestelako jarduera bat aldi berean egitekoak badira eta bateraezinak badira, Bulegoko jarduerak izango du lehentasuna, eta, bigarren mailan, udalarenak. Egoera hori eta emandako baimenenetan ematen den edozein aldaketa aldez aurretik jakinaraziko zaio interesdunari. Bulegoak eta Arrankudiaga-Zolloko Udalak eskubidea izango dute eskaera bati ezezkoa emateko, jardueraren ezaugarriengatik (iraupena, ekintza-mota…) erakunde biek aurrerantzean antolatu ahal dituzten jarduerak oztopatu edo baldintzatu egin ahal dituela uste dutenean. Inguruabar hori ere eskatzaileari jakinaraziko zaio.
  4. Erabilera anitzeko aretoaren erabilera doakoa da.
  5. Lan egiteko gune baten alboan dagoen aretoa denez, ahalik eta isiltasun handiena gordeko da.
  6. Erabilera anitzeko aretoan garatu beharreko jarduera oro aurretiaz jakinarazi beharko da Arrankudiaga-Zolloko udaletxean. Honek Bulegoko arduradunei helaraziko die eskaera oniritzia eman dezaten eta, hala badagokio, beharrezkoak diren jarraibideak finka ditzaten. Ezinbestekoa izango da eskaera era honetara bideratzea Bulegoa erabili ahal izateko.
  7. Eskaera-orrian hurrengoak zehaztuko dira: eguna, hasierako eta amaierako ordua, garatu beharreko jarduera, aurrez ikusitako parte-hartzaile kopurua eta jardueraren arduradunaren identifikazio-datuak.
  8. Arrankudiaga-Zolloko udaletxean eskuratu ahal izango da eskabidea. Erantzuna ere udaletxearen bitartez emango da jasotzen den bide berberetik.
  9. Erregistro-orri batek eskaeren kontrola eramango du, bai eta onartutako jarduerena ere, hasierako eta amaierako ordutegiarekin.
  10. Aldizka, jardueren funtzionamendua baloratuko da, eta, hala badagokio, hobekuntza neurriak ezarriko dira. Erabiltzaileek komunikazio irekia izango dute Bulegoko arduradunekin.
  11. Beharrezkoa izanez gero, Bulegoko arduradunek erabilera anitzeko aretora sartzeko giltzak emango dizkiete erabiltzaileei. Ondoren, erabiltzaileak arduratuko dira aretoa ireki eta ixteaz, bai eta giltzak itzultzeaz ere, Bulegoko arduradunen jarraibideen arabera.
  12. Ezingo da lan eremura igaro bulego-ordutegitik kanpo edota arduradunak bertan egon barik.
  13. Erabilera anitzeko aretoaren erabiltzaileak lokala (erabilera anitzeko aretoa, komunak eta sarrera) eta altzariak arduraz erabiltzeko erantzule dira, eragin lezaketen kaltea konpontzeko diru-kopuruarena barne. Lokalean edo altzarietan antzematen den edozein kalte berehala jakinarazi beharko die taldeko arduradunak Bulegoko arduradunei, beharrezkoak diren neurriak har ditzaten. Adinez txikikoek sortzen dituzten kalteak euren gurasoen edota tutoreen ardura izango dira.
  14. Lokalera ezin daiteke objekturik (jarduerarako beharrezkoak direnak salbu), janaririk ez animaliarik sartu. Halaber, ezin daitezke altzariak lekuz aldatu, bulegoko arduradunekin adostu barik.
  15. Altzariak egon ziren egoera berberean utzi beharko dira aretoa erabili ostean.
  16. Protokolo honetan jaso ez diren gaietan, Eskualdeko Iraunkortasun Bulegoak irtenbiderik egokiena erabakitzeko ahalmena dauka.

Arrankudiaga-Zollon, 2011ko irailaren 22an

Jasangarritasun Bulegoa Tokiko Agenda 21 Agenda 21 Industriala

Eskolako Agenda 21 Hondakinen kudeaketa

Mugikortasun iraunkorra
      

© Udaltalde 21 Nerbioi Ibaizabal • udaltalde21@ut21.org • Tel. 946712699 • Elexalde 18. 48498 Arrankudiaga-Zollo